• Jaiak

Jaiak

Berriatuko zaindaria San Pedro da izatez, baina San Gregorio da herrian gehien ospatzen den jaia. Maiatzaren 9a da San Gregorio eguna eta urtero egun horren bueltan punta-puntako rock kontzertuak, nekazal eta kontserba azoka, herri bazkaria, gazte eguna, txirrindulari lasterketa eta zesta-punta partiduak egoten dira beste ekintza batzuen artean.

San Pedro ere ospatzen da herrian, ekainaren 29aren bueltan. Jai hauetan herri-kirolak, entsalada lehiaketa, bertsolari gazteen txapelketa eta umeen eguna izaten dira besteak beste.

“Desanexio eguna” ere ospatzen dute Berriatuarrek. Izan ere 1974az geroztik eta bederatzi urtetan zehar Ondarroari lotuta egon zen. 1983ko azaroaren 25ean bere herritartasuna berreskuratu zuen Berriatuak eta orduz geroztik urtero gogoratzen da desanexio eguna.

Berriatuko herria osatzen duten auzoek ere euren jaiak dituzte. Asterrikan Sanlorentzoak (abuztuaren 10a), Merelludin Sanantolinak (irailaren 2a), Madalena auzoan “Madalenak” (uztailaren 22a) eta “Beko-kalen” Santakutzak (irailaren 14a).

 
Laburtuta, hona hemen herriko ospakizunak:

Maiatzak 9 : San Gregorio eguna
Ekainak 29: San Pedro eguna (herriko patroia)
Uztailak 22: Madalena auzoko jaiak
Abuztuak 10: San Lorentzo – Asterrika auzoko jaiak
Irailak 2: San Antolin – Merelludi auzoko jaiak
Irailak 14: Aita Kurutz ermitako jaiak
Azaroak 25: 1983-ko desanexio urteurrena