Atxurra, Armiña, Lamiña II eta Goikolauko haitzuloetan daude Berriatuko gizakiaren lehen aztarnak. Azken kobazulo honetan gainera, “Goikolauko lepokoa” deritzona aurkitu zuten. Kolore berdeko koilare hau Kristo aurreko 2000. urtekoa da eta Bilboko Arkeologia Museoan dago gordeta.

 Berriaturen gaineko aurreneko idatziak XIV. mendekoak dira. 1327an esaterako,  Berriatuko elizatearen barruan Ondarroako hiribildua sortu zen. XV. Mendetik aurrera historia iskanbilatsua bizi izan zuen herriak, armategi bat baino gehiago baitzeuden bertako lurretan. Historikoki Gernikako juntetxeko 24. eserlekua dagokio Berriaturi.

 1974an eta herritarren nahiaren aurka, Ondarroaren auzo bilakatu zen Berriatua. Derrigorrezko lotura horrek 1983ra arte iraun zuen.  Urte horretako azaroan Bizkaiko Batzar Nagusiek desanexioari baietza eman zioten eta orduz geroztik udalerri propioa osatzen du Berriatuak.